Emma Miller

Emma Miller

Irudi gehiago
Bizitza
JaiotzaChesterfield (Derbyshire), 1839ko ekainaren 26a
Herrialdea Australia
 Britainia Handia eta Irlandako Erresuma Batua
HeriotzaToowoomba (en) Itzuli, 1917ko urtarrilaren 22a (77 urte)
Hobiratze lekuaToowong Cemetery (en) Itzuli
Hezkuntza
Hizkuntzakingelesa
Jarduerak
Jarduerakpolitikaria, sindikalista, sufragettea eta sufragista

Emma Miller (Chesterfield, Australia, 1839ko ekainaren 26a - Toowoomba, Queensland, Britainia Handia, 1917ko urtarrilaren 22a) Ingalaterran jaio zen antolatzaile sindikal aitzindaria zen, sufragista eta giltzarria Australiako Alderdi Laboristaren Australian Labor Party (en) sortzera eraman zuten erakundeetan, Brisbanen (Queensland, Australia).

Biografia

Gaztaroa

Miller 1939ko ekainaren 26an jaio zen, Chesterfielden (Ingalaterra). Martha Hollingworthen eta Daniel Holmesen lau seme-alabetatik zaharrena zen. Gurasoek uste unitarista sendoak zituzten, eta aktiboak ziren mugimendu kartistan, eta berak lau urte zituenetik bere aitak eraman zuen manifestazioetan parte hartzera. Harekin ikasi zuen gizarte-ordenaren aurka matxinatzen.

18 urte zituela, familiaren etxetik ihes egin, eta 1857an Jabez Mycroft Silcock kontulariarekin ezkondu zen. Lau seme-alaba izan zituzten, baina Silcock hil egin zen, eta Emmak josketa-lanak egin behar izan zituen bere familia aurrera ateratzeko (12 ordu egunean, 6 egun astean).[1] 1874an, William Calderwoodekin (igeltseroa) ezkondu zen Emma, eta seme-alabekin Queenslandera emigratu ziren. 1879ko martxoan lehorreratu ziren. Calderwood hurrengo urtean hil zen, eta Emma Andrew Millerrekin ezkondu zen 1886an, Brisbanen.

Militantzia sindikala

Queenslanden, Millerrek gizonentzako alkandora-egile eta jostun gisa egin zuen lan. May Jordan McConnelekin, Brisbaneko lehen emakume-sindikatua eratu zuen, Brisbane Women's Union (en), 1890eko irailean. William Lanek Brisbaneko Worker egunkarian egindako kanpaina baten laguntza izan zuten.[2] Jostun gisa, 1891ko Erret Batzordean, denda, lantegi eta tailerrei buruzko lekukotza eman zuen, eta jakinarazi zuen emakume langileak esplotatzen zituzten lantegi miserable ugari zeudela. Aldi hartan, Millerrek aktiboki hartzen zuen parte Early Closing Associationen.

1890eko hamarkadako greba handietan, Millerrek laguntza aktiboa eman zion 1891ko Australiako moztaileen grebari, eta Prisoners' Relief Fund (diru-bilketa) sortu zuen, atxilotutako hamabi greba-liderrentzat. William Lanek 1892an New Australiako komunitatea sortzea erabaki zuen Paraguayn, oinarri sozialisten gainean; aktibista sindikal asko erakarri zituen. Millerrek uste zuen Lane “borrokatik erretiratu zela”, eta Langileen Erakunde Politikoaren kide sortzaile bihurtu zen, Queenslandeko Australiako Alderdi Laboristaren aitzindari. Ordutik, "Ama Miller" izena jarri zioten, Queenslandeko langile-mugimenduaren emakumezko liderra bihurtu baitzen.

Emakumeen emantzipazioa

1894an, Miller Women's Equal Franchise Association (WEFA) (en) elkartearen sortzaileetako bat izan zen, eta ia berehala egin behar izan zion aurre zatiketa bati.[3][4][5] Léontine Cooper-ekvmugimendua utzi egin zuen Women's Suffrage League sortzeko, WEFA mugimendu sindikaletik hurbilegi zegoela eta horrek emakumeen emantzipazioa oztopa zezakeela alegatuz. Miller WEFAko lehendakari hautatu zuten 1905 arte, hain zuzen, emakumeen sufragioa onetsi zen urtea, eta, ondorioz, erakundea desegin egin zen.[4] Desadostasunak gorabehera, Miller, Cooper eta Temperantziaren aldeko Emakumeen Batasun Kristaua (en), erakunde kontserbadorea, askotan elkarrekin militatu ziren sufragioaren[3] gaien alde.[6]

Emma Miller-en estatua King George Square-n, Brisbane

Emakumeak 1902ko apirilaren 9ko hauteskunde-lege federalaren arabera emantzipatu ziren, eta, hala, munduko lehen emakumeak izan ziren parlamentu nazional baten aldeko botoa emateko eskubidea irabazten (Zeelanda Berriko emakumeek 1893ko hauteskunde kolonialetan lortu zuten boto-eskubidea). Women's Equal Franchise Association elkarteko kideek kanpaina aktiboa egin zuten emakumeak bozkatzera joan zitezen 1903ko abenduko hauteskunde federalean. Federatzeko, Women Workers' Political Organisation osatu zuten, Miller buru. Hauteskunde federalen ondoren, Millerrek bere karguari uko egin zion, eta Brisbaneko Political Labour Council-eko lehendakari bihurtu zen. Emakumeek Queenslandeko Parlamenturako 1905eko urtarrilaren 25ean lortu zuten boto-eskubidea, baina ez Parlamentura aurkezteko eskubidea. Hurrengo urtean, Emma Millerrek bira bat hasi zuen Queensland mendebaldean, Australiako Langileen Batasunaren mugimenduarekin (Australian Workers' Union): hitza hartu zuen bilera publiko handietan, eta Langile Politikoen Erakundearen eta Emakumeen Erakunde Politikoaren tokiko sekzioak eratzen lagundu zuen.[7][8]

Ondorengo urteak

Brisbaneko greba orokorra

Emma Miller Place, 2013

Sindikatuak antolatzeko eskubidearen aldeko Brisbaneko 1912ko greba orokorrean, Millerrek emakume batzuk bideratu zituen Brisbaneko Parlamentura.[1][5] Black Friday martxan zehar, poliziek porrekin eraso zieten manifestariei, eta Millerrek bere kapelaren urkila sartu zuen Cahill polizia-komisarioaren zaldiaren atzealdean. Ustekabe horren ondorioz, larri zauritu zen komisarioa.[2][9]

Bakearen aldeko emakumeen armada

Lehen Mundu Gerra[1] garaian, soldaduskaren aurkako aktibista ere izan zen Miller. Women's Peace Armyrekin (en) bat egin zuen, eta Cecilia John eta Adela Pankhurst Brisbanera joan zirenean, 1915ean, presidente hautatu zuten. Hurrengo urtean, Australian Peace Alliancek Melbournen emandako hitzaldira joan zen, eta, ziotenez, Yarra Bank jazarri ei zuen, zeinaren militarismoa salatu baitzuen, zutik, xaboi-kaxa baten gainean.[5] 1916ko urriaren 28ko soldaduskaren lehen boto-kontaketaren aurkako EZaren kanpaina arrakastatsua izan zen, emakumeek soldaduskaren aurka egindako kanpaina boteretsuari esker, historialari askoren arabera.

Heriotza

1917ko urtarrilean, Miller Toowoombara joan zen atseden hartzera, aste batzuetarako. Toowoombako lorategi botanikoetan egin zuen azken bilera publikoan, eta bertan zeuden emakumeak hunkitu zituen, hau baieztatu zuenean: “Langile-mugimenduan rol bat bete beharra gizonentzat bezain garrantzitsua da emakumeentzat”. Bi egun geroago zendu zen Emma Miller, minbizia zuen. Brisbane Trades Hall Halleko bandera masta erdira jaitsi zuten, “Australiako Alderdi Laboristaren ama”ren ohoretan. Estatu-hiletak eskaini zituzten harentzat, baina bizirik zuen semeak uko egin zien. Brisbaneko Toowong hilerrian ehortzita dago Miller.[10]

Miller-en bustoa Queensland-eko Council of Unionsen
« Esku txiki bat baino ez zen –fisikoki hain ahula–, baina lehoi baten ausardia zuen, eta bere energia zoragarria zen... Bere adimen zorrotza, bere nortasun magnetikoa eta, batez ere, kausarekiko zuen dedikazio zoragarria etengabeko inspirazio iturri izan ziren. [...] emakumeen eskubideen borrokalari gisa, ez zuen parekorik [...] »
The Worker, 1917ko urtarrilaren 25a

Sariak eta aintzatespenak

  • 1917ko abuztuan, Worker egunkariak poema bat argitaratu zuen Milleren omenez.[7][11]
  • 1922an, James Laurence Wattsen marmolezko busto batek irudikatu zuen, Queenslandeko Council of Unionsen.[12] Brisbaneko King George plazan bere estatua bat, eta Erroma kalean, aldiz, Emma Miller plaza bat.[12]
  • 1987an, Queenslandeko Council of Unionsek (Queenslandeko Langileen Alderdia) Emma Miller Saria sortu zuen. Urtero ematen zaie sari hori haien sindikatuari ohiz kanpoko laguntza ematen dioten emakumeei.[13][2]
  • 2003an, Millerren bizitzaren historia A Lot on Her Hands izeneko erakusketa antolatu zuen Australian Workers' Heritage Centre[14] erakundeak.
  • Millerren hauteskunde-barrutiak, Queensland Estatuko hauteskunde-birbanaketan sortua 2017an, haren izena du.[15]

Erreferentziak

  1. a b c Emma Miller 1839 - 1917 labour activist. 2007.
  2. a b c «The Emma Miller Award, recognising the contribution of union women» United Voice.
  3. a b Women's Equal Franchise Association. (1894-1905) - People and organisations. .
  4. a b Melbourne, The University of. Miller, Emma - Woman - The Encyclopedia of Women and Leadership in Twentieth-Century Australia. .
  5. a b c Melbourne, National Foundation for Australian Women and The University of. Miller, Emma - Woman - The Australian Women's Register. .
  6. Chronology of Women's Suffrage in Queensland. University of Queensland.
  7. a b Melbourne, National Foundation for Australian Women and The University of. «Miller, Emma – Woman – The Australian Women's Register» www.womenaustralia.info.
  8. Melbourne, The University of. Miller, Emma - Woman - The Encyclopedia of Women and Leadership in Twentieth-Century Australia. .
  9. Emma Milelr (1839-1917). .
  10. Emma Miller (1839-1917) - Mémorial Find a Grave. .
  11. «[? Verse. - Emma Miller Memorial»] The Worker (Brisbane) 2 août 1917.
  12. a b «Statue of Emma Miller, King George Square» Weekend Notes.
  13. «www.qieu.asn.au :: Kate Lawrie recognised in Emma Miller Awards» www.qieu.asn.au.
  14. Australian Workers Heritage Centre. .
  15. «Determination of Queensland's Legislative Assembly Electoral Districts» Queensland Government Gazette: 179. 26 May 2017.

Bibliografia

  • (en) Young, Pam, Proud to be a rebel. the life and times of Emma Miller, University of Queensland Press, 1991 (ISBN 0-7022-2374-3 et 978-0-7022-2374-7, OCLC 25240348, lire en ligne)
  • (en) S. G. Svenson, William Lane, The Brisbane Years, 1885-1892, University of Queensland, 1982
  • (en) Francis, Rosemary, Grimshaw, Patricia, Standish, Ann et University of Melbourne. eScholarship Research Centre., Seizing the initiative : Australian women leaders in politics, workplaces and communities, EScholarship Research Centre, The University of Melbourne, 2012 (ISBN 978-0-7340-4797-7 eta ISBN 0-7340-4797-5, OCLC 812810834, lire en ligne)
  • (en) Heather Radi, 200 Australian women : a redress anthology, Women's Redress Press, [1988?] (ISBN 0-9589603-7-2 eta ISBN 978-0-9589603-7-3 , OCLC 24590007, lire en ligne)

Ikus, gainera

Kanpo estekak

Autoritate kontrola
  • Wikimedia proiektuak
  • Wd Datuak: Q515622
  • Commonscat Multimedia: Emma Miller / Q515622

  • Identifikadoreak
  • WorldCat
  • VIAF: 59954368
  • ISNI: 0000000041702018
  • GND: 12198706X
  • LCCN: n92050190
  • SNAC: w6zk8xvs
  • Wd Datuak: Q515622
  • Commonscat Multimedia: Emma Miller / Q515622