Volksgeist. Herri gogoa

Volksgeist. Herri gogoa
Datuak
IdazleaJoxe Azurmendi (2007)
GeneroaSaiakera
HerrialdeaEuskal Herria
Orrialdeak333[1]
ISBN978-84-9783-404-9

Volksgeist. Herri gogoa (Ilustraziotik nazismora) Joxe Azurmendi zegamarrak idatzitako eta 2007an argitaratutako saiakera liburu bat da;[1] Humboldt. Hizkuntza eta pentsamendua eta Espainiaren arimaz liburuekin batera osatutako trilogiaren bigarren atala. Nazionalismoaren ikerketarako beste urbilketa bat egiten du gai konkretu batetik abiatuta, aurrerago argitaratuko zen Historia, arraza, nazioa (2014) liburuan beste erpin batetik egingo zuen bezala.

« Badut Humboldt. Hizkuntza eta pentsamendua azterketa bat, eta Volksgeistaren oraingo hau harekin lotua dago; eta haren ondoren, edo harekin, behar litzateke irakurri. Beste liburuki bat sortu zen ondotik (baina aurretik kaleratu) Volksgeist espainolari buruz: Espainiaren arimaz; hor hobeto ikusten ahal da, oharrok nondik sortu diren. Denak nota mordo bat bakarra.[2] »


Edukia

Saiakera honetan Azurmendik Volksgeist edo Herri Gogoa kontzeptua aztertu du, horren historiari jarraituz, hasi XVIII. mendeko Ilustraziotik eta XX. mendeko nazismoraino. Azurmendik ezbaian ipiniko du kontzeptuaren erabilera okerra, salatuz gaizki ulertu dela berau alemaniar erromantizismoari lotuta aurkeztu nahi izan denean. Tesi hori babesteko ideiaren aurrekariei erreparatuko die: Voltaire eta Montesquieu frantsesak, Vico italiarra, Hume ingelesa. Ikerketak bide ematen du garai, herrialde eta korronte ezberdinetako autoreak konparatzeko. Azurmendik erakutsiko du modernitatean zehar auzi ezberdinak han eta hemen errepikatzen direna, propio garai edo herrialde baten espezifikoak izan gabe. Horrekin gogoeta egin nahi du behin ezarritako topikoek nola irauten duten ikerketek ezeztatu badituzte ere. Ekibokoen kasu paradigmatiko gisa Herder aurkezten da, bere testuinguru historiko eta intelektuala sakon aztertuz. Azurmendik nabarmentzen duen Herder, topiko guztien aurka, erromantikoa baino ilustrazioaren kritiko erradikalki ilustratua, politikaz baino kultura ezberdinetan interesatua eta inolaz ere arrazista ez den bat dugu.[3] Topikoen erabilera okerra, Euskal Herriaren testuinguruan, euskal nazionalismoari egotzi ohi zaion esentzialismoa oinarritzeko saiakeran datzala argituko du liburuan. Era berean, herri gogoaren kontzeptuak gizarte-zientziak modernoetan izan duen eragina ere aztertuko du Azurmendik.

Lehen bi kapituluetan kontzeptu edo ideiaren jatorri eta testuinguru orokorra azalduko dira, batez ere Ilustrazio frantsesean zentratuz. Hirugarren kapitulutik aurrera kontzeptuak Alemanian izan duen bilakaera erakutsiko da, hasi XVIII. mendeko Herder bezalako ilustratuekin eta XX. mendeko Bizitzaren Filosofietaraino (Lebensphilosophie).

Laugarren kapituluan Azurmendik, bere obra eta jarduera filosofiko osoan egin bezala, Modernitatea bi paradigmetan zatitua azaltzen du.[4] Horrek Ilustrazioa, erromantizismoa eta, horien baitan, Volksgeist nola kokatzen den azaltzeko balioko dio.

Liburuan aurrera Azurmendik erakutsiko du bi mendeko tartean Volksgeist hitzak eta lotzen zaion ideiak aldaketa asko izan dituela, zenbait aspektutan, kontrakoak bihurtzeraino. Horrekin ohartaraziko du ez duela ezer argitzeko balio XIX. mendearen bukaeran edo XX. mende hasieran izan dituen bilakera batzuetatik epaitzeak. Hasieran hizkuntza eta kulturarekin lotuta erabiltzen zen, Herderrek adibidez. Gero Hegelek historiari eta Estatuari lotuta erabiliko du, Herder eta Hegelen artean Napoleonen kanpainak izan baitziren. Hurrengo aldiak garrantzi handiagoa izango du Gizarte-zientziak eta positibismoak izan zuten bilakaerarengatik, baita Darwinen garai horretako ekarpenengatik. Filosofiaren esparru espezifikotik zientziara igarotze horretan Volksgeist bezalako kontzeptuek balioa galdu zuten eta mantendu ziren aldaerak nolabait naturalizatuta eta arrazarekin lotuta erabili izan ziren. Azurmendik defendatzen duen tesia da Volksgeist kontzeptu alemanaren sasoi eta esparru espezifikoa Herder eta Hegelenak direla, hau da, XVIII. mende bukaeratik XIX. mende erdialdera luzatu zen jarduera filosofiko edo historizismoarena.[5] Liburuaren amaiera aldera, seigarren kapituluan, historizismoaren aurka XX. mendearen hasieran altxatu ziren bizitzaren filosofia ezberdinak aztertzen dira. Garai horreta, jada, terminologikoki ere ezberdintasunak erakusten dituzte autore batzuek, "izpiritu" edo "gogoa" (Geist) ordez, edo horren kontra, "arima" (Seele) erabiltzen dutelarik. Azurmendik ohartarazten du horiek bere zentzu eta erabilera alemanean ulertu behar direla.[6]

Zazpigarren kapituluan, konklusio moduan edo:

« Hemen guri lehen-lehenik interesatzen zitzaiguna da, polemikak aparte eta sinplismoak ere aparte, ikustea, Europako pentsamenduan eta zientzian Volksgeista garai edo fase bateko kontzeptu arrunta izan dela, eta -gero gerokoak- garai horretan Volksgeistak bere lekua berdin izan duela hizkuntzalaritzan, psikologia nahiz zuzenbidean, filosofia idealista hala enpiristan -filosofia kontrarioetan-, berdin mugimendu erromantiko nola prerromantiko eta antirromantikoetan, eskuin zein ezkerrekoetan. Ez dela batere unibokoa eta inoiz ez dela izan.[7] »


Erreferentziak

  1. a b Pilar IPARRAGIRRE: «Volksgeist edo Herri gogoa, Ilustraziotik Nazismora», Argia, 2108. zenbakia, 2007-10-28.
  2. Azurmendi, J.: Volksgeist. Herri gogoa, Donostia, Elkar, 2007. 9. or.
  3. Azurmendi, Joxe (2007): 83-129 or.
  4. Azirmendi, Joxe (2007):129-37 or. Ik. baita ere Azurmendi, Joxe (2004): "Filosofia Modernoa" in Filosofiako Gida, Bilbo, UEU. 75-88 or.
  5. Alemaniara mugatuz, sasoi eta korronte ezberdinen laburpen baterako ik. Azurmendi, Joxe (2007): 271. or. et. hur.
  6. Europa hegoaldeko kultura katolikoan erraza da horiek nahastu eta berdinak balira bezala erabiltzea. Ik. Azurmendi, Joxe (2007): 267-94 or.
  7. Azurmendi, Joxe (2007): 295. or.

Ikus, gainera

Kanpo estekak

  • Liburuaren kritikak, Literaturaren Zubitegia
Autoritate kontrola
  • Wikimedia proiektuak
  • Wd Datuak: Q12268915
  • Wd Datuak: Q12268915


Literatura Artikulu hau literaturari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.